2013-11-25

Zientzia Museora Irteera

Zientzialari txikiak

Zientzia Museora joan ginen 3 - 4 eta 5 urteko neska-mutilak, Donostiako puntaraino. Gertu-gertu ez badago ere, gure artean “Jupiterrara goiez” esaten zuena ere egon zen, bidaia estraespazial bat egiteko prest itxura denez. Bertan, pantaila erraldoietan, gaueko gauza eta animaliak gau ilunean ipintzera jolastu genuen eta egunekoak, zelan ez, egun argian. Han zeuden Eguzki eta Ilargi amandreak zein Lurra planeta etengabeko jira-biran, elkar harrapatu ezinik.

Basoari ere bisitatxo bat egin genion, animalien kobazulo baten sartuz. Gure baso eta zuhaitzetan bizi diren animaliak ezagutu, lurreko oinatzen arrastoa jarraituz animalia topatu, perretxiko jangarri eta pozoitsuak desberdindu… zer ikasi eta ikusi izan genuen, bai!

Konturatu orduko bazkaltzeko ordua iritsi zitzaigun. Ogitartekoa ederto sartu zitzaigun! Bapo-bapo jan ostean, txikion gunean beste ibilbidetxo bat egiteko beta izan genuen ispilu, soinu-uhin, xaboi-puzpilu eta argi-izpiekin olgaduaz. 


Eta beste behin konturatu orduko,  berriro espaziontzira… ez, autobusera! Mallabirako itzuli-bidaia ziztu bizian egin genuen. Nork esan ote du Jupiter urrun dagoenik?